Jakinarazpenen postontzia

 

Informazioa

Zer da

Jakinarazpen elektronikoa da interesdunei ebazpen edo administrazio egintza bat bitarteko elektronikoen bidez adieraztea haien eskubide eta interesei eragiten dienean.

Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko, Arabako Foru Aldundiak "nire postontzia" atala gaitu du bere egoitza elektronikoan.

Jakinarazpenaren hartzaileak, edo hark aldez aurretik baimendutakoek, egoitza elektronikoan sartuta jasoko dute jakinarazpena, sinadura elektroniko aitortuaren ziurtagiriarekin identifikatu ondoren.

Jakinarazpen elektronikoak paperezko jakinarazpen tradizionala ordezten du hartzailea behartuta dagoenean administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzera, bai eta, hala egon gabe ere, bere borondatez izena ematen duenean "Nire postontzia" atalean; bi kasuetan, jakinarazpena ez da bidaliko paperezko postaz.

Hala ere, behartuta ez dauden eta izena eman ez duten pertsonei posta arruntez bidaliko zaizkien jakinarazpenak ere eskura jartzen dira egoitza elektronikoan, nahi izanez gero eskuratu ahal izateko; hori ez egiteak ez du ondorio administratiborik.

Oharra: Egoitza elektronikoan jakinarazpenak indarrean jartzeko eguna, bai Arabako Foru Ogasunekoak (zergekin eta zerga prozedurekin zerikusia dutenak) bai beste arlo administratibokoak, 2020ko irailaren 7a da. 
 

Nor dago behartuta

Jakinarazpen elektronikoak jaso behar dituzten pertsonak edo erakundeak: 

Zerga jakinarazpenen kasuan, urtarrilaren 21eko 5/2020 Foru Dekretuak arautzen duenaren arabera:

  • Sozietateen gaineko zergaren zergadunak edo beren ordezkariak.

  • Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuaren foru agindu baten bidez erabakitzen diren gainerako guztiak.

 

"Zerga jakinarazpenak" atalera joan
 

Gainerako jakinarazpenen kasuan (zerga arlokoak ez direnak), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan (Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubidea eta betebeharra) araututakoa aplikatzen da:

  • Pertsona juridikoak.

  • Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

  • Diharduten jarduera profesionalean jarduteko elkargo bateko kide izan behar dutenak, jarduera profesional hori dela-eta administrazio publikoekin egin behar dituzten izapide eta jarduketetarako. Nolanahi ere, talde horren barruan sartuko dira notarioak, jabetza erregistratzaileak eta merkataritza erregistratzaileak.

  • Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartua dagoen interesdun baten ordezkari direnak.

  • Administrazio publikoetako enplegatuak, enplegatu publiko izateagatik administraziookin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamenduz zehazten duen eran.

Era berean, Arabako Foru Aldundiak erregelamenduz ezarri ahal izango du berarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko betebeharra zenbait prozeduratan eta pertsona fisikoen zenbait kolektiboren kasuan, baldin eta, gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo beste arrazoi batzuengatik, egiaztatuta badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta erabilgarritasuna badutela.

 

Izena eman nahi duzu?

Nahiz eta aurreko behartuen kolektiboetakoren batekoa ez izan eta zeure borondatez komunikazioak edo jakinarazpenak elektronikoki jaso nahi badituzu, egoitza elektronikoan erregistratutako erabiltzailearen zure arlo pertsonaletik harpidetu zaitezke. "Nire postontzia" atalean, "Lehentasunak"  erlaitzean eta "Nire harpidetzak" azpiatalean, "Harpidetza berria" aukeran klik egin  eta nahi dituzun izapide motak hauta ditzakezu, edo "Harpidetza orokorra" aukeran klik egin dezakezu, mota guztietako izapideen jakinarazpen elektronikoak jasotzeko.

Nola sartu

Jakinarazpen elektronikoak Egoitza Elektronikoan daude, “Nire postontzia” atalaren barruan. Horretarako, Arabako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan onartzen den identifikazio elektroniko bat izatea beharrezkoa da. www.araba.eus orrialdean informa zaitezke, "Nola sartu" atalean klik eginez.

 

"Nire postontzia" atalera joan
 

Epealdiak eta ondorioak

Hartzailea Egoitza Elektronikoko “Nire postontzia” atalean edukia ikustera sartzen den momentutik jakinarazpen elektronikoak egintzat joko dira. Erregistraturik geratuko da hartzailea noiz eta zer ordutan sartu den jakinarazpenaren edukira. Hortik aurrera epealdiak zenbatzen hasiko dira legezko ondorio guztietarako.

Jakinarazpena eskura jartzen denetik hamar egun pasatzen badira haren edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola pentsatuko da, baina jakinarazpena eginda dagoela ulertuko da legezko ondorio guztietarako. Paperean egin eta baita egoitzan eskura jartzen diren jakinarazpenen kasuan ere (behartuta ez dauden eta harpidetu ez diren pertsonentzat), epe hori ez da aplikatzen, eta posta bidezko jakinarazpen prozesua amaitu arte izango da sarbidea.

Egoitza Elektronikoan jakinarazpenaren edukia eskuratu ondoren, edo eskuragai jartzen denetik hamar egun pasatzen badira eskuratu gabe, nahi duzun beste aldiz ikusi ahal izango duzu.

Eskuragarri jartzearen abisua

Jakinarazpen elektronikoak eskura jarri izanaren abisuak jaso nahi badituzu, Egoitza Elektronikoko "Nire postontzia" atalaren barruan, "Lehentasunak" erlaitzean, “Harremanetarako datuak” azpiatalean, posta elektronikoen kontu bat edo batzuk adierazi beharko dituzu.

Abisu horiek ez dira inolaz ere jakinarazpentzat hartuko. Nahiz eta arrazoi teknikoengatik jakinarazpen baten abisua bidaltzerik ez egon, jakinarazpena bera guztiz baliozkoa izango da.

Ohiko galderak

Jakinarazpen elektronikoari buruzko ohiko galderak:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan (Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubidea eta betebeharra) araututakoaren arabera:

  • Pertsona juridikoak.

  • Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

  • Diharduten jarduera profesionalean jarduteko elkargo bateko kide izan behar dutenak, jarduera profesional hori dela-eta administrazio publikoekin egin behar dituzten izapide eta jarduketetarako. Nolanahi ere, talde horren barruan sartuko dira notarioak, jabetza erregistratzaileak eta merkataritza erregistratzaileak.

  • Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartua dagoen interesdun baten ordezkari direnak.

  • Administrazio publikoetako enplegatuak, enplegatu publiko izateagatik administraziookin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamenduz zehazten duen eran.

Era berean, Arabako Foru Aldundiak erregelamenduz ezarri ahal izango du berarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko betebeharra zenbait prozeduratan eta pertsona fisikoen zenbait kolektiboren kasuan, baldin eta, gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo beste arrazoi batzuengatik, egiaztatuta badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta erabilgarritasuna badutela.

Hauxe da jakinarazpen elektronikoak eskuratzeko prozedura:

1.- Arabako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan onartzen den identifikazio bitarteko elektronikoa eduki behar duzu. Hemen duzu informazioa: www.araba.eus - Egoitza elektronikoa, klikatu “Nola sartu”.

2.- Sartu Arabako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan (www.araba.eus), joan “Nire Karpeta” atalera eta klikatu “Sartu”. Identifikatu zeure burua elektronikoki eta joan “Nire postontzia” atalera. 

Bai, jakinarazpenak modu elektronikoan jaso ditzakezu; horretarako, izena eman behar duzu zeure borondatez jakinarazpen elektronikoen zerbitzuan.

Zerbitzuan izena emateko, honako hauek hartu behar dituzu kontuan:

1.- Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan onartzen den identifikazio bitarteko elektronikoa eduki behar duzu. Hemen duzu informazioa: www.araba.eus, - Egoitza elektronikoa, klikatu “Nola sartu”.

2.- Sartu Arabako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan (www.araba.eus), joan “Nire Karpeta” atalera eta klikatu “Sartu”. Identifika zaitez elektronikoki eta sartu “Nire postontzia” ataldera.

3.- “Lehentasunak” atalean jakinarazpenen abisuak zer helbide elektronikotan (bat baino gehiago izan daitezke) jaso nahi dituzun zehaztu behar duzu: klikatu “Harpidetza berria” eta hautatu  zer izapide nahi duzun (“Zergen kudeaketa eta zehapenak” zerga arloko jakinarazpenetarako).

4.- Ondoren baldintzak, konfidentzialtasuna eta datuen babesa onartzeko pantaila agertzen da. Klikatu “SINATU”

Harpidetza egin ondoren zuretzako diren jakinarazpen guztiak baliabide elektronikoen bidez egingo dira, kasu jakin batzuetan izan ezik.

Jakinarazpen elektronikoen abisuak jaso nahi badituzu, helbide elektroniko bat eman behar diguzu (gutxienez bat). Hona prozedura:

1.- Sartu Egoitza Elektronikoan, joan “Nire Karpeta” atalera eta klikatu “Sartu”. Identifikatu zeure burua elektronikoki eta joan “Nire postontzia” atalera.

2.- “Lehentasunak” atalean zehaztu zer helbide elektronikotan (bat baino gehiago izan daitezke) jaso nahi dituzun jakinarazpenen abisuak.

Abisuak ez dira inolaz ere jakinarazpentzat hartuko. Nahiz eta arrazoi teknikoengatik jakinarazpen baten abisua bidaltzerik ez egon, jakinarazpena bera guztiz baliozkoa izango da.

Helbide elektronikoak eguneratuta egon behar dira; gainera, komenigarria da gutxienez 10 egunean behin Egoitzan sartzea jakinarazpenik dagoen ikusteko.

Arabako Foru Aldundiak bidaltzen dizkizun jakinarazpen elektronikoak eginda daudela ulertuko da hartzailea egoitza elektronikoko "Nire postontzia" ataleko edukian sartzen den unetik aurrera. Erregistraturik geratuko da hartzailea noiz eta zer ordutan sartu den jakinarazpenaren edukira. Hortik aurrera epeak zenbatzen hasiko dira legezko ondorio guztietarako.

Dena den, jakinarazpena eskuragai jartzen denetik hamar egun pasatzen badira haren edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola pentsatuko da, baina jakinarazpena eginda dagoela ulertuko da legezko ondorio guztietarako.

Egoitza elektronikoan jakinarazpenaren edukia eskuratu ondoren, edo eskura jartzen denetik hamar egun pasatzen badira eskuratu gabe, nahi duzun beste aldiz ikusi ahal izango duzu.

Jakinarazpen elektronikoa eskura jarri dela jakiten denetik hamar egun natural igarotzen badira jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, eta ez da beharrezkoa izango Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Jakinarazpen elektronikoaren edukira sartu ahal izango da haren hartzailea, bai eta egoitzako ohiko bidetik Nire postontzia izapidean sartzeko beharrezko baimena baliatu duen edozein pertsona ere.

Komunikazioak eta jakinarazpenak eskura edukiko dituzu beti Egoitza Elektronikoko “Nire postontzia” atalean. Baten bat “ezabatzea” hautatzen baduzu, “Nire postontzia” ataletik desagertuko da eta ezin izango duzu ikusi berriz.

Komunikazioak eta jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez jaso behar dituzten pertsonek eta entitateek EZIN DUTE eskatu baja emateko jakinarazpen elektronikoen sisteman.

Behartuta ez egon arren beren borondatez jakinarazpen elektronikoen sisteman sartzen direnek baino ezin dute eskatu sistema horretan baja emateko.

Baja eskatuz gero, baja eskaera aurkezten denetik 15 egun pasatu baino lehen gauzatuko da.

Gerta liteke komunikazioak edo jakinarazpenak egiteko epealdian zehar akats, gabezia edo etenen bat izatea eta hori Arabako Foru Aldundiari edo Aldundiak jakinarazpenak eta komunikazioak eraginkortasun osoarekin egiteko erabiltzen duen zerbitzu bati egozteko modukoa izatea; halakoetan, aipatutako epealdia egun bat luzatuko da epealdiaren barruan gertatutako akatsak, gabeziak edo etenak iraun duen egun bakoitzeko.