Eskubideak egikaritzea

Datu pertsonalen babesa eta pribatutasuna bermatzeko, araudiak interesdunari eskubide batzuk ematen dizkio, tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzakeenak.

Hain zuzen, datuetara irispidea izateko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko,  tratamenduari aurka egiteko edo banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea.

Eskubideen erabilera oso pertsonala da, hau da, interesdunari dagokio eta ezin zaie hirugarrenei eskualdatu. Hala ere, zuzenean edo ordezkari baten bidez erabil daiteke. 

Interesdunaren eskubideei arreta emateko betebeharra tratamenduaren arduradunak du, nahiz eta tratamenduaren eragileek interesdunen eskaerak izapidetu ahal izango dituzten, enkarguaren akordioan horrela xedatzen denean.

Eskubide hauen ezaugarriak hauek dira:

  • Horiek erabiltzea doakoa da.

  • Eskaerak hilabete bateko epean erantzun beharko dira, nahiz eta, konplexutasuna eta eskaeren kopurua kontuan izanda, epea beste bi hilabetez luza daitekeen.

  • Arduradunak datu pertsonalen titularra informatu beharko du eskubide hauek erabiltzeko baliabideei buruz.

Eskubideak zuzenean edo zure ordezkari legalaren edo boluntarioaren bidez erabil ditzakezu.

Interesdunak bere eskubideak urratu direla uste badu,  erreklamazio bat aurkeztu dezake kontrol-agintaritzaren aurrean, hain zuzen ere, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean.

Interesdunak eskubidea izango du tratamenduaren arduradunak egiazta diezaion berari buruzko datu pertsonalen tratamendua egiten ari den ala ez, eta, hala bada, datu pertsonalak eta horien tratamenduari buruzko informaziora irispidea izateko eskubidea ere.
 

Datuetara irispidea izateko eskubidea egikaritu
 
 

Tratamenduaren arduradunak datu okerrak zuzendu behar dituenean erabili beharko da eskaera hau. Tratamenduaren helburuak kontuan izanda, osagabeak diren datu pertsonalak osa daitezela ere eska daiteke.
 

Zuzentzeko eskubidea egikaritu
 
 

Baldintza jakin batzuk gertatzen direnean, arduradunak interesdunaren datu pertsonalak ezereztea edo ezabatzea nahi denean erabiliko da eskaera hau.

Eskubide honen kasu partikularra da webguneetan “ahaztua izateko eskubidea”, hau da, eskatzea Arabako Foru Aldundiak kudeatutako webguneetan ez daitezela datuak argitaratu edo Interneteko bilatzaileetatik desindexa (bereizi) daitezela, ez daitezen agertu bilaketetako emaitza gisa.
 

Datuak ezerezteko eskubidea egikaritu
 
 

Interesdunaren egoera partikularrarekin zerikusia duten arrazoiengatik, datu pertsonalen tratamenduari aurka egin nahi dion kasuan erabiliko da eskaera hau.
 

Aurka egiteko eskubidea egikaritu
 
 

Kasu batzuetan datu pertsonalen tratamendua mugatzea eskatzen da. Horrela, datu horiek, baita tratamenduaren helburua betetzeko beharrezkoak ez direnean ere, ez dira ezabatuko eta soilik erabili ahal izango dira interesdunak behar dituenean erreklamazio bat formulatzeko edo beste pertsona fisiko edo juridiko baten eskubideak babesteko, edo datuen zuzentasuna edo horien erabilera legezkoa den egiaztatzen den bitartean.
 

Tratamendua mugatzeko eskubidea egikaritu
 
 

Tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen eta ondorio juridikoak edo antzeko ondorio esanguratsuak dituen erabaki baten xede, profilak egitea barne, izan nahi ez den kasurako erabiliko da eskaera hau.

Beraz, eskatzen da ondorio juridikoak edo antzeko ondorio esanguratsuak dituen erabakiak pertsona fisikoek hartzea eta ez soilik era automatizatuan bitarteko teknologikoen bidez (programa informatikoak).

Profilak egitea datu pertsonalak tratatzeko edozein modu da, alderdi pertsonalak ebaluatzen dituena; bereziki, laneko errendimenduarekin, egoera ekonomikoarekin, osasunarekin, lehentasun edo interes pertsonalekin, fidagarritasunarekin edo portaerarekin zerikusia duten alderdiak aztertu edo aurreikustea.
 

Eskubidea egikaritu
 
 

Tratamendua adostasunean oinarritzen denean, interesdunak edozein unetan kendu ahal izango du. Adostasuna kentzeak ez dio eragingo ordura arte egindako tratamenduen zilegitasunari. (DBEOren 7.3. art.).